TRAINERU-ESTROPADEN HISTORIA

Traineru estropadek tradizio handia dute Kantauri itsasertzean. Tosta finkoko ontziekin egiten dira, eta ontziek ezaugarri hauek dauzkate: 12 metroko luzera, 1,72 metroko zabalera, eta gutxienez 200 kiloko pisua. Ontzian hamahiru arraunlari eta patroi bat doaz. Traineru-estropadak bizimodu jakin batetik sortu ziren: itsaso irekian egiten zen arrantza. Ontziek pertsona indartsu eta sendoak behar zituzten, ordu batzuez bogari eusteko gai zirenak; lehenengo, arrantza-tokietara iritsi behar zuten; eta, arrantza jaso ondoren, portura itzuli, han enkantea egiteko. Itzuleran lehian ibiltzen ziren, nor lehenago lehorreratuko, arrain kopuru handiena preziorik onenean saltzeko; eta horrek koadrilen arteko ika-mikak eragiten zituen.

Arrantza jardueraz gain, bada beste jarduera bat traineru-estropaden jatorritzat hartzen dena: atoi-lana. Sarrera zaila duten portuetan, Bilbo eta Pasaian esaterako, belaontzi handiak atoian eramaten zituzten traineruekin. Talaiatik porturantz zetozen itsasontziak ikusten zituztenean, traineruak lehian ibiltzen ziren, ontzietaraino lehenengo iristeko, lan horregatik soldata ona ordaintzen baitzieten. Ibilbide luzeak egiten zituzten. Arrantza-jarduerarekin gertatu zen moduan, atoian eramateko jarduera horretatik traineruen arteko desafioak sortu ziren.

Pasaian XIX. mende erdian hiru traineru zeuden atoi-lanetan aritzen zirenak, bi Donibanekoak eta bat San Pedrokoa. 1854an Donibaneko jaietan estropada bat egin zen, eta San Pedroko traineruak irabazi zuen. Denborarekin, motorrak ordezkatu zuen ontzietan gizonen indarra. Baina hurrengo urteetan estropaden mundua arrantzari lotuta egon zen. Arlo horretako profesionalek osatzen zituzten itsasertzeko tripulaziorik onenak. Gaur egun ere, era guztietako atletak sartu diren arren, arrantza-tradizio handiko herrietan sortutako klubetan aritzen dira arraunlariak. Lehiaketa udako hilabeteetan izaten da, eta Kontxako Bandera da ospe handiena duen estropada. Donostian egiten da, iraileko lehenengo bi igandeetan.

Historia de la regatasDonostiako Kontxako estropadak 1879an antolatu ziren lehenengoz, Donostiako udako jai-egitarauaren barruan. Estropada hartan arrantza traineruak erabili ziren, ordura arte euren artean lehian aritzen zirenak, dirua tarteko. Lehenengo aldi hartan “Avante” izeneko traineruak irabazi zuen, eta estropadara jende asko hurbildu zenez, Donostiako Udalak erabaki zuen hurrengo urteetako egitarauan ere estropadak sartzea. Ordu ezkero, estropadak urtero-urtero egin izan dira, mende hasierako urte batzuetan eta Gerra Zibileko urteetan izan ezik.

130 urteko tradizioa duten estropada horiek, Kontxako traineru estropadak, Euskal Herriko urteko kirol ikuskizun bilakatu dira. Beste ezein kirol jarduera ez da gai horrenbeste jende erakartzeko. Iraileko lehenengo bi igandeetan jende mordoa biltzen da Urgullen, Igeldon, Paseo Berrian, kaian, irlan, hondartzetan, era guztietako ontzietan; nahiz eta gaur egun telebistaren bidez etxean ere ikus daitezkeen.