Herria

//Herria
Herria2017-01-12T14:32:04+00:00

HERRIA

Pasaiako udalerria, historikoki, aski berriki eratua da, 1805ean, hain zuzen, baina San Pedroko eta Donibaneko hiriguneak askoz lehenagokoak dira.

sanpedrotarra Pasaiako portua herria

Bi barruti horiek badiako urek ematen dioten itxura orografiko berezira egokitu dira historian barrena. Baditugu horren froga idatziak; esaterako, Donostiaren eta Hondarribiaren fundazio-aktetan ageri diren aipamenak.
San Pedro herriaMende batzuetan zehar, ekialdeko Donibane Hondarribiaren menpe egon zen; mendebaldeko San Pedro, berriz, Donostiaren menpe. Baina Donibanek, 1770ean, Hondarribiarekin zuen lotura eten zuen. Geroago, 1805ean, Pasaiako udalerria sortu zen, Errege Dekretu baten bidez: lehendik aske zegoen Donibaneri Donostiaren menpe zegoen San Pedro batu zitzaion, eta badiaren inguruan zeuden hainbat lur eta eskubide bereganatu zituzten.

Ez da zaila asmatzen zer interes zeuden erabaki horien atzean: kaiaren gaineko eskumenak batzeko interesak, bertan garatzen zen jarduerak jurisdikzio bakarra izatearen nahia eta abar.

Aurrerago, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, hainbat azpiegitura sortu eta sendotu ziren heinean (hala nola, N-1 errepidea eta trenbidea), beste barruti bat sortu zen 1890ean; Antxo, hain zuzen.

Jada XX. mendean, laugarren barrutia batu zitzaien aurreko hiru barruti horiei: Trintxerpe. Mendearen erdialdera, arrantza-sektoreak etorkinak behar izan zituen eta behar horiei erantzuteko sortu zen Trintxerpe.

San Pedro herriaGure herriaren historian aipatzeko modukoa da, nola ez, zer eragin izan duten arrantza- eta ontzigintza-industriek, XX. mendean beste sektore batek haien lekukoa hartu zuen arte; burdingintzak, hain zuzen. Hala ere, ohiko sektore horien gainbehera nabaria izan da azken hamarkadetan eta Pasaia bere lekua berreskuratu nahian dabilen herri bihurtu da.

Arlo horiek guztiek eragin handia izan dute Pasaiaren historian, sorreran, nahiz bilakaeran, eta, horien bidez, Gipuzkoako herri ezagun eta garrantzitsu bihurtu da. Ezagunak dira barruti historikoak, eta haien edertasunak eta kaleen osaera bereziak ospe handia ematen diete.